1638ko Hondarribiko setioa

Urtero irailaren 8an Hondarribian egiten den armen Alardean, frantsesen menpe jasandako bi hilabeteko setioaren amaiera ospatzen da, garaipena Guadalupeko Ama Birjinari esker lortu zelako, berari egindako Botoa betez.

Hondarribiko Setioa, 1600. urtean hasitako Hogeita Hamar Urteko Gerran kokatzen da, izaera erlijiosoa izan zuen guda hau, Bohemiako estatu katolikoak hasi zuen, Alemania protestantearen aurka, eta ondoren, Danimarka, Suedia eta Holandara zabaldu zen. Frantziako monarkiaren gorakada garaia izanik, Europan barrena hedatzeko zuen egarria asetzeko baliatu zuen honek.

Frantziaren helburua Europan finkatzea zen, espainiar monarkia nazio mailatik baztertuz, garai hartan Europako potentzia nagusia monarkia hori baitzen, nahiz eta ordurako beherako joera hasia zuen. 1635eko miatzean Frantziak Richelieu Kardinalaren agindupean, Espainiari gerra deklaratu zion, honek Hogeita Hamar Urteko Gudan parte hartu zuten herrialdeei lagundu zielako. Espainian Felipe IV erregeak agintzen zuen, eta bere balidoa Olivaresko Konde-Dukea zen. Gauzak horrela zeuden Frantziako tropek Espainiari eraso ziotenean.

foto_1_550x2871638ko uztailaren 1ean, hondarribiarrek zezenketa bat ospatzen ari zirela, ikusi zuten Hendaia inguruko mendietatik bandera eta estandartez hornitutako tropa ikusgarri bat zetorrela. Infanteria eta zalditeriako 30.000 gizonez osatua eta artilleria indartsuarekin, Conde printzearen agindupean zetorren, Bidasoa ibaia errez igaro eta Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaia hartu zituen. Bidasoa ibaia erabat itxita geratu zen 64 itsasontzirekin.

Hondarribiko harresien barruan gehienez 700 lagun zeuden defentsarako: 500 soldadu, konpainia irlandar bat barne, eta 200 herritar. Berehala batu zitzaizkien Tolosako 50 gizon eta Azpeitiko 22, Diputazioak gerrarako bidaliak.

Hondarribiko bi emakumek, arriskuaz jabetuta, Ama Birjinaren irudia Guadalupeko Santutegitik Parrokiara eraman zuten, eta han irudi horren aurrean herri osoak hitza eman zuen garaile ateratzen baziren, egun hura betirako jaiegun izendatu eta Ama Birjinaren omenez ospatuko zutela.

foto_3_499x429

Setioak hirurogeita bederatzi egun iraun zuen eta ikaragarria izan zen. Harresian bi zirrikitu ireki ziren, zazpi minak eztanda egin eta bederatzi erasoaldi gertatu ziren. Hilabete baten buruan, zazpiehun gizon armatuetatik hirurehun bakarrik geratzen ziren. Txosten ofizial batek dioenez, herritarrak hamasei mila kainoi-balaz eta laurehun eta hirurogeita hiru mortero-bonbaz erasotuak izan ziren. Europan morteroak erabili ziren lehen aldia izan zen 1638ko Hondarribiko setioa. Arma hauek jaurtitzen zituzten bonbak beren helburura iristean lehertu egiten ziren kalte izugarriak eraginez. Ordura arteko kainoiek eztandarik egiten ez zuten jaurtigaiak botatzen zituzten eta kolpearen indarrez egiten zuten kaltea besterik ez zuten sortzen.

Setiatuta zeudenek otoitz egin zioten Ama Birjinari, eta bereziki abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren Jasokunde egunean, herritar eta soldadu guztiek konfesatu eta jaunartu baitzuten. Handik egun batzuetara bere imajina prozesioan atera zuten, hondamendiak ikus zitzan.

Etxeak deseginak zeuden eta janari eskasia. Kanpotik agindutako laguntzarik ez zen iristen. Egoera gero eta okerragoa zen. Erresistentzia heroismo bihurtu zen. Baina dena galdutzat eman zutenean, Jaizkibelgo gainetatik, hainbat oztopo gainditu ondoren, salbamendurako ejertzitoa iritsi zen. Milizia Foralen aldetik Gipuzkoak 3.000 gizon bidali zituen, Arabak 500 eta Bizkaiak erregimentu bat. Hauekin elkartzeko errege tropak etorri ziren, Nafarroa, Napoli, Gaztela eta Irlandako gizonez osatuak. Horiek guztiak setiatzaileen gainera erori ziren kalte handiak eraginez, eta hauek alde egin behar izan zuten.

Irailaren 7a zen, Ama Birjinaren Jaiotza eguneko bezpera, eta hondarribiarrek inolako zalantzarik gabe ulertu zuten bere laguntzari esker lortutako garaipena izan zela, are gehiago borroka gehienbat Guadalupeko Santutegiaren inguruan erabaki zelako. Parrokia jendez bete zen eta guztiek Guadalupeko Ama Birjinaren aurrean belaunikaturik "Te Deum" bat abestu zuten.

1638. urtean frantziar tropek erasotu zutenean Hondarribiko lehen defentsa lerroa Mendeluko Zubian kokatu zen.

"Maiatzean, mugaz bestaldean pizten ari ziren mehatxuei aurre egiteko Gerrako Diputazio bat izendatu behar izan zen Gipuzkoan"

Mugaz beste aldeko tropen mugimenduek hain itxura txarra hartzen ari zirela ikusita, Irungo biztanleei baimena eman zitzaien beren ondasunak Probintziaren barrualdera eramateko, kezkak eta defentsa lana ekiditearren.

Gerra prestatzen

Gerrrako Diputazioak beharrezkotzat jo zuen Altxamendu Orokorrerako Junta berezi bat sortzea. Herriei agindu zitzaien San Joan jaietarako prestakuntzat bertan behera uzteko eta biztanleek beren armak prestatu eta bala bihurtutako berun guztia ekartzeko.

Erasoa

Uztailaren 1ean, goizeko seietatik zazpiak bitarte, Gerrako Diputazioa bere jendea ikuskatzera zihoanean, konturatu ziren Hendaiako gainetan tropen mugimendu handiak zeudela eta mugako mendi guztietara zabaltzen ari zirela. Goizeko 10etan itsasbehera zegoen orduan, artilleriako bi tresna Irungo trintxeren aurka tiroka hasi ziren, eta aldi berean txirula eta danbor soinuak entzuten ziren, banderak astintzen zituzten bitartean. Luis XIII.aren tropak hasi ziren bost leku desberdinetatik Bidasoako ibietara jaisten.

Anguiengo Erregimentua Behobiko pausura jaitsi zen, Behobiko gazteluko hondakinen ingurutik, Blaian barrena, Artigako landara jaisteko, eta Korrokoizko zubia igarota, Larretxipì baserriaren ondotik, Irunen barrena igotzeko.

Guyena Erregimentua batu zitzaion eskuinaldeko hegaletik. Inzura eta Konperta uharteetan barrena Portuko magalera iritsi baitziren. Oraindik eskuinerago, Santiagoko pasabidetik jaitsi ziren Gevres markesaren Roquelaure Erregimentukoak, eta Hauek zuzen-zuzenean Irungo Santa Maria elizara jo zuten, mugako komunikazioa mozteko.

Baina zuzeneko mehatxu horiek baino larriagoak ziren erasotzaileen ezker hegalekoak, Aldapa barrena, Puntha ondoan kokatutako Arizmakurrako ibira bideratuta baitzeuden, Botenea eta Urtarte barrena, aurrekoekin Artigan elkartzeko.

Azkenik, Agramonteko Kondea zetorren Biriatoun barrena, Bearneko Erregimentuarekin, zeina San Martzialen atzeko aldetik, Altxuko zubia eta Ibaieta gainetik Irunen sartu baitzen, Larreaundi baserrian barrena, Behobiko defendatzaile bakanei erretiratzeko bidea itxiz, eta horiek San Martzial mendian zehar erretiratu behar izan zuten, hortik Oiartzungo errege bidera ateratzeko.

Línea defensiva en Mendelu

Bigarren erresistentzia lerroa bi lekutan finkatu zen: Mendeluko zubian [...] Zubi hori Tolosako miliziako berrogeita hamar gizonek defendatzen zuten, Martin de Eleizalde kapitainaren aginduetara eta Azpeitiko hogeita biek, Francisco Lopez de Ondarra kapitainaren aginduetara.

Biharamunean, Printzearen agindua betez, Agramonteko Kondeak, Roquekelaure eta Bearn erregimentuekin, Hondarribira itzultzera behartu zituen Mendeluko zubiko defendatzaileak, eta Higer gazteluari eraso egin zion[..]

Egun horretan bertan, hilaren 2an, Maria Joan de Mugarrieta Hondarribiko alabak, Frantziako tropak bailaran barrena zabaltzen ari zirela eta bere herria arrisku larrian zegoela ikusita, Catalina de Labandibarren laguntzarekin, Jaizkibelgo ermitatik Guadalupeko Ama Birjinaren irudia hartu eta parrokiara jaitsi zuen, eta bertan geratu zen setioa amaitu zen arte.

Herritarrak eta soldaduak bere babespean jarri ziren, eta jasaten ari ziren mehatxuak desagertu bezain laster, irudi hori prozesioan Santutegira itzuliko zutela agindu zuten.

Iturriak: "Ríchelíeu y la llave del Bidasoa" liburua

Argazkiak Estitxu Ortolaiz - Ortolaiz Fotografía

Buletina

Alarde Fundazioa eta Hondarribiako Alardearen inguruko berri eta ekitaldietaz informatua mantendu zaitez.

Izen-eman buletinan

Titibiliti aldizkaria

20

Último número de la revista titibiliti

Envíanos tus fotos y vídeos

Son momentos especiales y queremos vivirlo desde todos los ángulos.

Informazio gehiago